Urdazubi / Urdax


Urdazubi: ura eta zubia. Nafarroako Erresumaren atarian, ingurune paregabean dago Urdazubi/Urdax; udalerriak osatu egiten ditu inguruko baso eta mendiak, bertako bazter eta biztanle bereziekin bat egin eta historia, natura, tradizioa, gastronomia eta kirola uztartu.

Frantziako mugan, Dantxarineako mugako pasabidearen magalean eta Otsondoko mendateak Baztango haranetik bereizten duela, Ugarana ibaiaren sakonunean kokatzen da Urdazubi/Urdax, udalerria zeharkatzen duen errekaren alde batetik bestera igarotzeko Erdi Aroko harrizko hainbat zubi dituela. XV. mendean sortu zen hiribildua, Salbatore Monasterioaren jabaripean, eta 1774. urtean segregazioa lortu eta askatasuna aitortu zitzaion. Urdazubi/Urdax hiribilduaren xarma handienetako bat eraikuntzetan nagusitzen den estilo arkitektonikoa da, bere jaurerri-izaera eta izaera tradizionala modu harmoniatsuan uztartzen dituena. Indianoek eraikitako eta armarriz ornituriko etxeek osatzen dituzte bertako kaleak .XVIII. eta XIX. mendeetan Ameriketara joan eta aberastuta itzuli ziren bizilagunak ziren indianoak, itzuleran etxe dotoreak eraiki zituztenak.

Urdazubi/Urdaxen bertan dago Pedro Aguerre «Axular» idazlearen jaiotetxea ere, XVII. mendeko euskal idazle nagusietako bat izan zena, euskal literaturako «Gero» obra ospetsuaren egilea. Bertako elementu bereizgarrienen artean, XI. mendeko Salbatore Monasterioa, X. eta XI. mendeen artean eraikitako errota, Ikaburuko leze ikusgarriak, arte erakusketa eta landa turismoaren eta turismo kulturalaren baliabide guztiak nabarmentzen dira. Urdazubi/Urdaxek zazpi auzo ditu: Alkerdi, Landibar, Leorlas, Telleria, Iribere, Larrainta eta Dantxarinea.