Monasterioa


Bere jatorriaren data zehatzik ezarri ezin den arren, IX. mendean agustindarren kongregazio txiki batek hemen erromesentzako ospitale bat ezarri zuela uste da. XII. eta XIII. mendeen artean, ordea, premontretarren ordenak bereganatu zuen ospitalea eta bertako abadea izan zen Urdazubi/Urdaxeko eta Zugarramurdiko jauna 1785era arte.

Ez da Erdi Aroko eraikuntzarik kontserbatzen, baina XVI. eta XVIII. mendeen artean izan zuen bere garairik onena eta gaur egungo eraikinak garai horretakoak dira. Monasterioak bi sute handi jasan zituen: bata 1526an (Nafarroak independentzia galdu zuenean) eta 1793an bestea (Frantziako Konbentzioan, tropa frantsesak bertan indarrez sartu eta monasterioa eta Urdazubi/Urdax hiribildua erre zituztenean). Azken sute horretan, suntsitu egin zen 9.000 liburuki baino gehiago biltzen zituen monasterioko liburutegi handia.

Frantziako Konbentzioaren (1793-1795) ondoren, monjeek Loiolako santutegian hartu behar izan zuten aterpe 1806 arte. Handik gutxira, 1839an, Mendizabalen desamortizazioa gertatu zen (ministro espainiarrak herri-ondasunak eta elizarenak desjabetu eta saldu egin zituen). Premontretarren ordenak monasterioa behin betiko utzi zuen eta bertako tenplua parrokia-eliza bihurtu zen. Antzinako monasteriotik eliza eta klaustroa kontserbatzen dira eta azken horrek, beste areto batzuekin batera, monasterioaren museoa eta arte-erakusketa barnehartzen ditu. Urdazubi/Urdax eta Baztango Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak sustatutako Liturgi Apaingarrien Museoa antzinako monasterioko gela berberetan dago, eta baita Euskal Pinturaren 50 urteko erakusketa iraunkorra ere.

San Salvador kalea z/g
31711 Urdazubi-Urdax
Tel +34 948 599 031
otxondo@gmail.com
www.otxondo-urdax.com